XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Derragun 2. harrespila kasik garaikidea dela: 2680ampplusmn;100 B.P. hau da, 1101 eta 539 urte Kristo aitzin.

Ez da arras gauza bera 3.arentzat, berriagoa baitirudi: 2330ampplusmn;100 B.P. hots, 775 eta 172 urte Kristo aitzin.

Hilerri horretan aurkitzen da beraz, arkitektura sailean antzekoak diren osagaien elkarketarentzat jadanik seinalatua duguna, beraien eraikipen dataz aparte.

Errozateko tumulua

(1475 m) - Ezterenzubi (156. argazkia).

Harrespil horietatik zenbait metrotan, harrizko tumulu bat bada, arroka bloke lodi baten gainean, lehengo bidearen goialdean, hau Atxilondoko ibarrera jausten hasi aitzin.

Panorama bat ederra dauka aurrean, ikusondo bezala Orhiko tontorra eta Pirineo Garaietako mendi tontor urrunen lerro munokatua izanik.

Beste oroitarriak, goimendiko ibar bateko larreetan lerrokaturik daude, Iraunabako Errekaren ertzean zehar, berau Irauko lepoan sortzen delarik.

Zintzur arteka bat iragan eta berriz zabaltzen da Artxilondon, gero Irati eta Ebro ibaietara heltzeko.

Ber denboran alaleku eta pasabide izanik, leku horiek iragan aldiko hatzak gorde dituzte.

Irauko harrespila

(966 m) - Lekunberri (157. argazkia).

Bi erreka ttipiren elkargunean, Irauko lepoaren HMan, ongi ageri da zirkulu hori.

Diametroa: 6,30 m.

Hirurogei bat harriz osatua da, bizpahiru ilara guti edo aski kontzentrikotan finkatuak direnak eta guti edo aski bakoiztuak.

Ondikotz, noizbait hondaketa handiak jasan zituen.

Irauko 4. tumulua

(966 m) - Lekunberri.

Aurrekotik 200 bat metrotara aurkitzen da, HMra.

Diametroa: 6 m eta goratasuna: 0,50 m.

1988an, salbapen azterketa bat egin zen tumulu harritsu horretan eta harri-meta nahasi bat agerian eman (158. argazkia), erdian harrikutxa hustu batekin (159. argazkia).

Gresezko 12 bloke ttipiz osatua da eta harlauza luzanga batez estalia (22. irudia).

Ostilamendurik batere ez zegoen, usaian bezala.

Egur-ikatz puskatu batzuk aldiz harrikutxatik kanpo zeuden.

Oroitarri horren interes guztia, C14ez eginiko datapena da: 3850+90 B.P. (hots, 2560 eta 2057 K.a.).

Emaitza honek erreketa-erritoa denboran biziki urrun helarazten du, kalkolitoraino, ehorzketak oraino gehienbat trikuharrietan, tumuluetan edo harpeko hilobietan egiten ziren garairaino...

Tumulu xume hau beraz, Euskal Herri guztian ezagutzen den erreketa-oroitarri zaharrena dugu...

Adibide honek, azpimarratzen duena da, beharrik balitz (160. argazkia), miaketa klandestinoetatik bazter egon diren hondakinetan lan egiteak duen interesa.

Hemen ere, miatzaile ixilkariari ez zion ezer ekarriko.

Aldiz, datapen ahalbide guztiak deseginen zituen!

Artxilondoko trikuharria

(880 m) Lekunberri (161. argazkia).

Holako goratasunean aurkitzen diren trikuharri arraroetatik bat da.

Egurgi errekaren gainaldean dagoen muino ttipi baten gainean eraikia da.

Uharri biribilez eginiko tumulua da, 12 m diametrokoa, IM-HEra orientatua den hilgela batekin, hau osoki desegina delarik.

Tumuluaren gainean etzanik dago gres pudingazko harlauza estalkia.

Egurgiko bizilekuak

(850 m) - Lekunberri (162. argazkia).

Egurgi errekaren bazterretik doan artzain-bidea jarraikiz, 225. mugarria baino 1000 bat metro lehenago, (...).